Joan den urtarrilaren 17an, iLabaren 1. Foro Irekia egin zen Bilbon. Lankidetza-gune hau –iLaben sareko parte-hartzaile guztiei bai eta noizean behin ekarpenak egin nahi dituzten beste erakunde eta pertsona batzuei ere irekita dagoena proiektua kontrastatzeko eta hobetzeko balio du, baina ikasteko eta ezagutza trukatzeko eremu gisa ere funtzionatzen du.
Lehen saio honetan, orain arte egindako lanaren berri eman zen, eta berrikuntza proiektu esperimentalak babesteko deialdira aurkeztu beharreko proposamenak kontrastatzeko eta laguntzeko gune bat eskaini zen.
Saioan 36 pertsonak parte hartu zuten; horietatik %75 ez ziren iLabeko talde eragileko kideak, eta, beraz, lehen aldia zen gune edo jarduera batean parte hartzen zutela. Profilei dagokienez, bertaratutakoen %48 sektoreko profesionalak izan ziren, eta %22 administrazio publikokoak, %14 gizarte-sektorekoak eta gainerako %14 unibertsitatekoak.
Proiektuaren inguruko zalantza batzuk jaso ziren, eta bertaratutakoei galdetu zitzaien zer ekarpen egin nahiko lioketen iLabari, eta iLabaren aldetik zer jasotzea gustatuko litzaiekeen. Interes orokorra sumatu zen iLabean modu aktiboagoan parte hartzeko, besteak beste, lantaldeetan, proiektu zehatzen inguruan, elkartze puntualetan etab.
Euskadiko Partaidetzaren arloko Berrikuntzaren Mapaaurkeztu zen, eta ekimen gehiago proposatu zitzaizkion.
Hortaz gain, iLabaren proiektu esperimentalen deialdian aurkeztu nahi ziren bost proiektu kontrastatu ziren:
- Getxo Zurekin: Prozesu honen bidez, herritarren parte-hartzea sustatu nahi da komunitate-eraikuntzan, maila anitzeko egitura bat sortuz zainketa paliatiboen arloan parte hartzeko eta esperimentatzeko.
- Wikikrazia: Edozein motatako erakundeen autogestiorako balio duen gobernantza eredua. Wikitoki praktika kolaboratiboen laborategiak sustatutako esperimentu praktikoa da.
- Orioko Udala: Herriko kultur eragile amateurrekin plan estrategiko bat landu eta proiektu amankomunak bultzatu nahi dira.
- Mondragon Goi Eskola Politeknikoa: Proiektu honek hiri-espazioak eraberritzeko parte-hartze eredu bat definitu nahi du eta arreta berezia jarri nahi du herritarren konpromisoaren eta aktibazioaren hobekuntzan.
- Ciudades Bióticas: Pezestudiok garatutako ikerketa-ekintza ildoa, hiri-espazioen eraldaketa sozial eta ekologikorako metodologiak aztertzen eta ezartzen dituena.
Topaketaren balorazio orokorra positiboa izan da, batez ere bildu ziren eragileen aniztasuna eta sortu zen giro ona azpimarratzen delarik.
Bilkurako akta ikusteko KLIKATU HEMEN

