nola parte hartu?
iLabek sarean antolatutako komunitate bat izan nahi du, eta era guztietako eragileei irekia egongo da. Agentetzat hartzen dira nortasun propioa duen edozein erakunde, entitate edo pertsona-talde, konfigurazio edo forma juridikoa izateko beharrik gabe.
iLab sare bat eta lanerako gune egonkor bat da, pertsonen parte-hartzerako zabalik dagoena, eta parte-hartze hori hainbat esku hartze mailatan antolatzen duena, partaidetzarako hainbat guneren bidez. Maila bakoitzerako zenbait onura eta konpromiso planteatzen dira, eta parte hartzeko gune bakoitzari lan- eta eragin-esparru bana esleitzen zaizkio.
Proiektu konplexua eta ibilbide luzekoa dela ulertuta, iLaben antolamendua eta gobernantza-eredua modu progresiboan jartzen dira martxan, proiektuak eskatzen duen neurrian zehaztu eta sofistikatu ahal izango baitira.
Agente Latentea izan nahi baduzu eta iLabeko ikasketa-komunitatearen garapenean inplikatu nahi baduzu, irakatsiz nahiz beste batzuengandik ikasiz, atxiki zaitez hemen:
Atxikitzeko formularioa
agente eragileak
Proiektuan esku hartze eta konpromiso maila handiena duten agenteak dira. iLab abian jartzen, garatzen eta kudeatzen parte hartzen dute, eta gertatzen den guztiaren ikuspegi orokorra dute.
Sareko partaideen arteko komunikazioa antolatzen dute; proiektuak garatzeko balizko aukeren berri dute; ikerketa-prozesuak bultzatzen dituzte; etorkizuneko proiektuetarako aukerak atzematen dituzte; iLab barruan zein kanpoan lortzen ari denaren berri ematen dute.
agente aktiboak
Prospekzio, esperimentazio edo transferentzia arloko proiektuetan parte hartzen duten agenteak dira.
Berrikuntza sortzen eta ezagutza transferitzen laguntzen dute. Beren zereginen bidez, ikaskuntzak eta jardunbide egokiak sortzen dituzte, gero hedatu egingo direnak.
agente latenteak
Parte hartzearen arloko berrikuntzan interesa duten eragileak dira; iLabekiko duten harremana entzute aktiboan eta ikaskuntzan oinarritzen da.
Sarearen parte dira eta proiektuaren jardueraren berri dute.
talde eragilea
Agente eragilez osatutako lankidetza-gune bakar bat da, non sarearen estrategia lantzen den eta horren inguruko erabakiak hartzen diren, iLaben esparruan garatuko diren proiektuen hautaketarekin lotutakoak barne, zehaztutako estrategiarekin koherentzia mantenduz beti.
Organo malgua eta operatiboa izango da, eta iLab ezartzeko eta garatzeko bete behar diren fase eta beharretara egokituko da.
proiektuetarako taldeak
Proiektu zehatzetarako aktibatzen diren guneak dira, prospekzio, esperimentazio eta/edo transferentzia arloko jarduera garatzeko helburua dutenak. Agente aktiboz eta eragilez osatutako taldeak dira, iraupen mugatukoak.
foro irekia
Elkarlanerako gune bat da, eta iLaben sareko parte-hartzaile guztiei irekita dago, bai eta noizean behin ekarpenak egin nahi dituzten beste erakunde eta pertsona batzuei ere. Proiektua kontrastatzeko eta hobetzeko balio du, baina ikasteko eta ezagutza trukatzeko eremu gisa ere funtzionatzen du.