Joan edukira
iLab

Transferentziazko Proiektu Esperimentalak aurrera doaz

iLab-en lau proiektu esperimentalek herritarren parte-hartzean oinarritutako esperientzia berritzaileak helaraztea ahalbidetuko duten gailuak sortzen jarraitzen dute

iLab-en transferentziazko proiektu esperimentalak aurrera doaz eta garapen-une desberdinetan daude, proiektu bakoitzak barne hartzen baititu prozesuan inplikatutako askotariko errealitateak nahiz eragileak (instituzionalak, profesionalak edo sozialak).

Transferentzia-produktuen edukia nahiz formatua honako lau proiektu hauetan diseinatzen ari da: Hiri Biotikoak (sustatzailea: Pez Estudio); Haurrek parte hartzeko kanal egonkorrak sortzeko udalentzako tresna (sustatzailea: Oinherri); Wikikrazia (sustatzaileak:Wikitoki, Reas Euskadi eta Sarean) eta ELLAS (sustatzaileak: Punto Gorria, Ainhoa Resano eta Saray Pérez Castilla).

Proiektu horiek aurtengo urrian amaituko dira, transferentziaren aurrez aurreko saioak eta emaitzak aurkezten direnean. Emaitza horiek eskuragarri jarriko dira iLab-en webgunean, non transferentzia-produktuak eskuratu ahalko baitira, pertsona eta erakunde interesdunek erabili ahal ditzaten.

  • Haurrek parte hartzeko kanal egonkorrak sortzeko udalentzako tresna

    Oinherrik, beste eragile batzuekin lankidetzan, esparru teorikoa sortu du haurtzaroko kultura oinarri hartuta berriz kontzeptualizatutako parte-hartzea nolakoa izan beharko litzatekeen zehazte aldera, eta lau proiektu pilotu garatu ditu Gipuzkoako zenbait udalerritan.

    Proiektu honek helarazten duen ikaskuntza bi eratakoa da: teorikoa eta praktikoa. Ikaskuntza teorikoa esparru teorikoan oinarrituta dago eta, besteak beste, honako gai hauei buruz informatzea eta sentsibilizatzea du helburu: haurtzaroko kultura eta horren beharrizan nahiz ezaugarri nagusiak; intersekzionalitatea; helduzentrismoa deseraikitzea; parte-hartze protagonikoa; eta parte-hartze komunitarioa.

    Lau proiektu pilotuen ikaskuntza praktikoa lagungarria izango da talde-hausnarketa lantzeko, bai eta adierazitako ikuspegia —haurtzaroko kultura, alegia— haien inguruan sustatu nahi duten tokiko taldeek erabakiak hartzea bultzatzeko ere.

    Sarbide irekiko moodlea izango da transferentzia-produktua eta taldean erabiltzeko ibilbide-orria izango du, askotariko ezagutza- eta hausnarketa-blokeak jorratzeko. Honako hauei zuzenduta egongo da materiala: udalei, arduradun politikoei eta askotariko alorretako teknikariei, hezkuntza formal nahiz informaleko eragileei eta gizarte-sareari.

  • Wikikrazia

    Wikikrazia hainbat motatako erakundeak autokudeatzeko balio duen gobernantza-modua da. Wikitoki izeneko praktika kolaboratiboen laborategiak bultzatutako esperimentu praktikoa da, jada bost urteko ibilbidea duena.

    Proiektuaren helburua da barne-antolakuntza nahiz - gobernantza antolatzea, beste erakunde batzuentzat inspirazio-iturri izan dadin. Produktu horrek erdigunean jarriko ditu ekonomika sozialari nahiz solidarioari lotutako erakundeak.

    Wikikrazia lankidetzan eta autokudeaketan oinarritutako gobernantza eredu horizontal eta banatua da, zaintzak erdigunean jartzen dituena eta beste ekimen batzuekin partekatzen dena. Boterea, erabakiak hartzea eta lan operatiboa horizontalki banatzen dira, erantzunkidetasuna nahiz gardentasuna sustatzeko, harremanak zaintzeko eta taldean ikasteko.

    Hauxe izango da transferentzia-produktua: mapa zabalgarri ilustratua, zeina deskargatu ahalko baita. Edukian jarraibideak emango dira gobernantza-eredu horren trantsizioa gauzatzeko eta, besteak beste, honako galdera hauei erantzungo die: Nola egituratzen gara? Zer erabakitzen dugu? Nola zaintzen gara? Nola ebazten dugu?

  • ELLAS

    ELLAS parte-hartze izaerako erreferentziazko proiektu bihurtu da; memoria berreskuratzea du helburu, bai eta espazio publikoan horien bitartekaritza eta ezarpena gauzatzea ere. ELLAS parte-hartze izaerako proiektu gisa garatzen da, "albuma kontatzea” izeneko metodologiaren bidez, zeinetan topaketak antolatzen baitira emakumeekin haien etxeetan, argazkiak biltzeko eta testigantzak grabatzeko.

    Orain arte garatutako esperientziatik abiatuta, eman beharreko urratsak eta hainbat giltzarri finkatu dira, proiektua egituratuko duten hiru ardatz nagusiak oinarri hartuta: memoria kritikoa aktibatzeko praktikak, bitartekaritza-praktikak eta parte-hartze izaerako praktika artistikoak. Giltzarri horiek memoria kolektiboa eraikiko duten prozesuak sortzeko balioko dute. Banakako kontakizuna eta argazkiak bitartekoak izango dira ahalduntze- nahiz topaketa-elementu gisa, bai eta gizarte-taldea eraikitzeko ere.

    Transferentzia-produktua hauxe izango da: transferentziarako KIT bat, erabilera-eskuliburu gisa balioko duena. Memoria kolektiboa berreskuratzeko urratsak emateaz gain, honako galdera hauek erantzuten saiatuko dira: Zer da memoria? Zergatik aktibatu behar da? Zeintzuk dira testuinguru bakoitzean ahaztutako memoriak? Zer behar dut horiek aktibatzeko? Honako hauek dira prozesu horretako funtsezko hiru zutabeak: argazki-albumaren kontakizuna lehenengo pertsonan, kontakizunen oinarri gisa kalea erabiltzea eta memoria aktibatzea.

  • Hiri Biotikoak

    Hiri Biotikoak Lab sormen-ingurua da gure hirien espazio publikoa diseinatu eta eraikitzeko, ereduak jasangarriagoak, bidezkoagoak eta inklusiboagoak izan daitezen.

    Herritarrek parte hartzeko prozesu kolektibo horiek irizpide ekologikoak, jasangarriak eta inklusiboak hartzen dituzte barne. Horrez gain, parte-hartze prozesuen bidez, eta erakunde publiko gisako hainbat eragile sartzean, egiturazko aldaketak sustatzeko aukera sortzen da, egiteko eta pentsatzeko modu berriak izateko.

    Transferentziaren edukiaren bidez, hortaz, sentsibilizatu nahi da espazio-mota hori izateko beharrizanari buruz, bai eta eragile-aniztasuna eta diziplina-aniztasuna barne hartu dadin egin beharreko diseinu-motei buruz ere. Horrez gain, testuinguru horiek sortzeko modu batzuk eta horien funtzionamendu orokorra aurkeztu nahi ditu.

    Ekainaren 20an, Pezestudiok ko-sorkuntzako saio bat egin zuen; bertan, erabiltzen duten metodologia azaldu zuten eta ondoren parte-hartzaileekin aritu ziren proiektuen eta inguruen prototipoak egiten. Adierazitako saioa honako hauei zuzenduta egon zen: erakunde publikoei, hiri-berrikuntzan nahiz parte-hartzean aritzen diren profesionalei, eta hiri-inguruneen eraldaketa sozioekologikoan interesa duten herritarrei.