Joan edukira
iLab

2. Foro Irekiaren laburpena

Urtarrilaren 29an 2. Foro Irekia burutu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren GUNEA espazioan. Une ezberdinak izan zituen "Transferentzia" gaiaren bueltan ardaztu zen jardunaldiak: iLab-aren 1. Faseko ekintzak azaltzea, "Transferentzia" gaiari buruzko esperientzia esanguratsuen hitzaldi eta mahai-ingurua eta Lau Transferentzia proiektuekin elkarlan ariketa bertaratutakoekin.

Eragile sare anitza elkartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren GUNEA aretoan. Foro ireki honetan partaidetzan eta honen berrikuntzan inplikatutako 50 pertsona elkartu ziren.
Saioaren irekiera Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatuak, eta Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak egin zuten.

______

iLab-aren 1. Faseko ekintzak

Miren Martiarenak, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren zuzendariak, iLab-aren lehen fasean garatutako ekintzak azaldu zituen. iLab-a ezarpen fasean aritu da urte hauetan eta OGP Euskadin garatutako eredu kontzeptual osoari ekitearen konplexutasunari heldu dio. Ezarpenaren lehen faseak, zorrotza izan behar zuen euskal administrazioen eta herritar antolatuen eta antolatu gabeen artean lankidetzan egindako ereduari dagokionez, OGP Euskadiren 2018-2020 Ekintza Planaren 3. konpromisoaren esparruan.

Azken bi urteetan, orduan zehaztutako helburuak, printzipioak, jarduera eta gobernantza ereduaren lehen urratsak lurreratu eta martxan jartzen hasi dira:

1) Gobernantza eredua martxan jarri da: kideen sareak osatzea (agente eragileak, agente aktiboak eta agente latenteak) hiru partehartze guneetan (Talde Eragilea, Proiektukako taldeak eta Foro Irekia).

2) iLab-aren ildo ezberdinetan ekintzak garatu dira:
Prospekzioan Euskadiko Partaidetzari buruzko berrikuntzaren mapa bat sortu da, gaur egun 27 ekimenek osatzen dutena.
Esperimentazioan Edukietan edota egiteko moduetan berritzaileak diren partaidetza-prozesu edo -proiektuen jakintza transferentziara eramateko moduak landu dira; hauek aukeratzeko 2024ean deialdia ireki egin zelarik.
Transferentzian deialdian aukeratutako lau proiektuen Transferitzeko produktuak lagundu dira, sareko eragileek erabilgarriak eta aplikagarriak izango direla uste duten premiei erantzuteko. Ellas Memoria Aktibatzeko Kit-a, Wikikrazia Elkarlanerako Gobernantza, Ciudades Bióticas eta G(h)aurki.

3) Lankidetza plataforma bera sortu da. Sarean lan egiteko tresnak izateko espazio digitala (https://ilab.euskadi.eus/).

______

Transferentziari buruzko hitzaldiak eta mahai ingurua

Aurtengo Foro Irekiaren gaia “Transferentzia” izan da eta honen bueltan ikasi eta ideiak elkartrukatzeko partaidetza arloan berritzaileak diren eta sare baten baitan jakintza-transferentzia lanak egiten ari diren esperientziak gonbidatu genituen.

Hitzaldi eta mahai inguruan parte hartu zuten Bherria programako Asier Amezagak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia Naiara Goiak eta Decidim Software Libreko bulego teknikoaren arduraduna den Nil Homedesek. Hizlariek haien erakunde-ekimenak kokatu eta transferentzia zelan ulertu eta garatzen duten azaldu zuten:

  • Asier Amezagak Bherria programari buruz hitz egin zigun; euskal administrazio publikoko teknikariei zuzendutako ekimena eta lankidetza publiko-soziala sustatu eta laguntzen duena. Bherria, berez, transferentzia-proiektu bat dela baieztatu zigun dokumentu-oinarria eskaintzen baitu; gida metodologikoak, azterketa-kasuak, tresna parte-hartzaileak eta teknologikoak eta pandemiaren inguruko ikaskuntzak biltzen ditu. Dokumentazio oinarri hau guztia proiektuaren webgunean eskuragarri dago, irekian.
    Gainera 10 atributuko matrizearen ekoizpen-prozesua azaldu zuen. Tokiko teknikarien errealitatetik abiatzen den materiala da hau eta lankidetza publiko-sozialeko proiektuak aztertzeko eta erreplikatzeko sortua izan da.
    Hitzaldiari buruzko informazio gehiago izateko Bherria aurkezpena (PDF, 3 MB).
  • Naiara Goiak Arantzazulab Demokraziaren berrikuntza laborategiari buruz hitz egin zigun, honen xedeez eta helburuez. Hasteko, Arantzazulab hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gunea izateko duen osaera eta ekosistema aurkeztu zuen.
    Ondoren, Demokraziaren Berrikuntzarako egitasmoak hedatzeko, Arantzazulab-en estrategia markoa, egitasmoak eskalatzeko nola lana egiten ari diren eta ikaskuntza ezberdinak partekatu zituen. Inpaktuzko balioa duten egitasmoak eskalatzeaz gain, sistematizazioan eta dibulgazioan aritzen dira lanean. Naiarak lau alderditan oinarritzen den eta praktikan jartzen duten eskalatze markoa azaldu zuen, bakoitzean burutzen dituzten jarduera eta lanen erreferentziekin: Sakon eskalatu, Gora eskalatu, Kanpora eskalatu eta Zabal eskalatu.
    Hitzaldiari buruzko informazio gehiago izateko Arantzazulab aurkezpena (PDF, 3 MB).
  • Nil Homedesek Decidim plataforma, Demokrazia parte-hartzailerako kode irekiko azpiegitura digitalari buruz eta bere komunitate sareari buruz hitz egin zuen. Proiektuaren hiru geruzen inguruan aritu zen; Metadecidim komunitatearen geruza teknopolitikoaz, Decidim.barcelona-ren alderdi politikoaz eta plataformaren ko-sorkuntza alderdi teknikoaz.
    Horrela, besteak beste, komunitatea osatzen duten eragile ezberdinen arteko harreman eta gobernantza azaldu zuen: administrazio publikoak, zerbitzu hornitzaile enpresak, erakunde-kooperatiba-mugimendu sozialez eta unibertsitateak. Eta gobernantzan gakoa diren erraminta komunak nabarmendu zituen; gizarte-kontratua eta berme demokratikoen kodea, printzipioak eta tresna digitalaren kosorkuntzan funtzionalitate berriak proposatu zein sortzeko barne mekanismo partehartzaileak.
    Hitzaldiari buruzko informazio gehiago izateko Decidim aurkezpena (PDF, 4 MB).

Ikasketak:

Ondorengo mahai inguruan, solaskideak partaidetzaren berrikuntza egitasmoen inpaktua areagotzeko transferentzia estrategien ikasketak hartu zituzten hizpide.

Nil Homedesek mahai gainean jarri zuen elkarlan instituzionalaren garrantzia, (Bartzelonako plataformaren adibidea jarriz), hasieratik transferentziagarria izan behar zuen kodearen sorreran. Gainera, proiektu teknopolitikoan beste eragile mota batzuk gehitzearen interesa azpimarratu zuen (ekimen teknologikoa “kanpotik” azaltzen zaila badirudi ere). Azkenik, plataforma proiektuak toki geografiko berrietara eramatean, inplementazio teknikoak zein aholkularitzak tokiko hornitzaile taldeekin egitearen beharraz hitz egin zuen, garapen eredu jasangarriei erantzuteko modua delakoan.

Naiara Goiak komunitatea sortzearen konplexutasuna azpimarratu zuen, eta honen atzean dagoen lanaz. Eta komunitate bultzadarekin lotuta, ekimen berritzaileak sustatzeko deialdietan dagoen esperientzia aipatu zuen; hauetan deialdietako onuradunen arteko topaketak aurreikusten baitira. Bestetik, transferentzia lanaren garapenean, jakintza mota ezberdinak uztartzea eta lotzen jakitea gakoa dela aipatu zuen.

Partaidetza eta honen berrikuntzari dagokionean, teknologia berrien potentziala mahai gainean jarri zuten Naiara Goiak eta Asier Amezagak. Batetik, partaidetzaren berrikuntzan kanal eta metodologietan ibilbidea egiten jarraitzeko aukera ematen dutelako, eta bestetik, eremu honetako jakintzaren transferentziarako ere erraminta izan daitekeelako. Asierrek Bherrian frogatzen ari diren Adimen Artifizialeko chatbot aplikazioa jarri zuen adibide, zeinak Bherriak duen dokumentazio artxibategi zabalean beharra duenari nabigatzen lagundu ahalko liokeen (kasu honetan, teknikariei).

Hobetzekoen artean aipatu zituzten; besteak beste,

  • Administrazio maila ezberdinen arteko loturak hobetzea eta erakunde bakoitzaren (administrazio publikoak edo bestelakoak) barnean dauden esperientzia ezberdinak elkarlotu eta hobeto sistematizatzea.
  • Sare-komunitateetan ekarpenak egiteko irekierak egoteaz gain, arau argi eta definituen beharra.
  • Oro har, erabiltzeko-praktikan jartzeko gure ahalmenen gainetik edukiak sortu edota katalogatzeko arriskua.

______

Lau Transferentzia proiektuekin elkarlan ariketa

2024ean zehar garatu diren lau transferentzia proiektuak aurkeztu eta haien produktuak erakutsi ziren. Haiekin aukera berriak irudikatzeko elkarlan ariketa egin zen taldeka.

Proiektu bakoitzean identifikatu ziren aukeragune batzuk jasotzen ditugu hemen:

  • ELLAS - Memoria Aktibatzeko Kit.a: Alderdi enpatikoa txertatu daitekeen antzeko proiektuak dituzten Udalerriekin sinergiak; Memoriaren lanketa espezifikoa egiten ari den erakundeekin lankidetza, begirada hau txertatzeko; Memoria eta gatazka edota Memoria eta bakardadea uztarketak, KIT honen garapen posible bat bezala.
  • Wikikrazia - Elkarlaneko gobernantza: Helburu komunak dituen eta erabakiak batera hartzen dituen edozein pertsona-talderengan; lidergo partekatua bideratzeko gobernantza eredua da eta administrazio publikoa eta eragile anitzekin ere aplika daitekeena: adibide asko daude, energia komunitateak, herri txikiak; prozesu bat da eta taldeak denbora eta baliabide ekonomikoak eskaintzea behar du, gardentasuna, eraginkortasuna, ekitatea eta taldekideen zaintza bilatzen bada.
  • G(H)AURKI - Herrietan haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna: Edukia gida formatora eramatea; udalen arteko teknikarien trebakuntza gunea egitea; umeen partehartzearen ikuspegiak edozein motatako prozesuetara eramatea, zeharkakotasuna.
  • Hiri Biotikoak - Espazio publikoaren berroneratze ekosozialerako ikaskuntzak: Hezkuntza formalean, parte hartzearen kontzeptuaren azalpena eta transmititzen duen balio sistema; osasun publikoaren ikuspegiarekin lanean dabiltzen eragileekin sinergiak.

______

iLab-eko hurrengo urratsei begirako ekarpenak jasotzeko irekiera

iLab-aren hurrengo urratsen zehaztapena egitear dagoela azaldu zen Foro Irekiaren amaieran, eta honen definizioa elikatzeko sareko eragileen ekarpenak jaso nahi dela adierazi zen. Horretarako, parte hartzean eta arlo honetako berrikuntzan interesa edo inplikazioa duten eragileen (dagoeneko sarera atxikituta egon edo ez egon) ikuspegia jasotzeko Galdetegia aurkeztu zen.

Honekiko paraleloan, agente eragile eta agente aktiboekin beste mekanismo batzuk ere martxan jartzen ari direla azaldu zen. Besteak beste: kanpo ebaluazio kualitatiboa, Talde Eragilearen azken saioa eta bestelako kontraste saioak Talde Eragilearekin zein gure testuinguruan parte-hartzearen inguruan lanean dabiltzan beste eragile batzuekin.

iLabaren hurrengo hurratsei ekarpena egiteko galdetegia betetzeko esteka HEMEN.