Joan edukira
iLab

Espazio publikoen berroneratze ekosozialerako ikaskuntzak

"Espazio publikoaren berroneratze ekosozialerako ikaskuntzak" transferitzeko produktuari eta hura garatu bitartean ikasitakoari buruzko PezEstudioren artikulua.

PezEstudio-k idatzia.

   

Gure hirietan espazio publikoa ulertu eta eraikitzeko modua eraldatzeko ingurune sortzailea da Hiri Biotikoak Lab, eta, horretarako, eredu jasangarriago, bidezkoago eta inklusiboagoak sustatzen ditu. Hiriak bizitzan oinarritutako ekosistema bihurtzea da helburua eta, hori lortzeko, pertsona eta kolektiboen arteko baterako sorkuntza, berrikuntza eta esperimentazioa baliatzen dira.

iLaben transferentzia-proiektu esperimental gisa, espazio eta ekipamendu publikoen baterako sorkuntza-prozesuak garatzeko beharrezkoak diren tresnak hornitzea da Pezestudioren egitekoa. Horretarako, hainbat alderdi uztartzen ditu, besteak beste klima-aldaketa (egokitzapena eta arintzea), kohesio eta inklusio soziala, eta genero-ikuspegia.

Transferentzia-produktua: Espazio publikoen berroneratze ekosozialerako ikaskuntzak

Paperean eta formatu digitalean argitalpen bat garatu dugu, fitxatan egituratuta eta testu eta irudiez lagunduta, Pezestudiok hainbat kokagunetako espazio eta ekipamendu publikoen baterako diseinu-proiektuetan duen esperientzia transmititzeko. Horrelako prozesuetan inplikatutako administrazio publikoei, profesionalei eta herritarrei zuzenduta dago.

Edukia bi ezagutza-motatan antolatzen da:

1. Manifestua: Funtsezko printzipioen multzoa, ideia nagusiak biltzen dituena eta hiri biotikoen prozesuak eraikitzeko ikuspegia gidatzen duena. Bi arlo hauek jorratzen dituzten testuak biltzen ditu:

  • Kontzeptuak: Jakintza hibridoak eta dimentsio anitzeko begirada, konpartimentu estankoak ezabatuz.
  • Gaiak: Parte-hartze bidezko Gobernantza, Paisaia Arduratsuak, Diseinu Ekofeminista eta Espezie-anitzeko Ongizatea, hiriak biotiko bihurtzeko funtsezkoak diren gaiak jorratuz.

2. Ikaskuntzak: Ezagutza-pilulak, irizpide sozioekologikoak dituen hiri-diseinuko prozesu batean kontuan hartu beharreko alderdi praktikoei buruzkoak. Pilula horietan, azalpen bat eman eta ezarpen-metodologia aurkezten da, eta garatutako proiektuen adibideak ematen dira. Amaitu gabeko zerrenda bat da, etorkizunean osatu ahalko duguna:

- Aurrebaldintzak aztertzea
- Elkarrizketa-rolak
- Funtsezko eragileak sartzea
- Herritarren aurrediseinua
- Hiri-dekalogo adostua
- Testuinguruak hibridatzea
- Elkarrekin diseinatzea, ikasteko eta eraldatzeko
- Zaintzak sustatzeko baterako kudeaketa
- Gauzatzeko prozesua

   

Produktu hau hainbat saio kolaboratibotan egindako prozesu esperimental baten emaitza da. Saio horietan hainbat eragilek parte hartu dute:

Maiatza: Kontraste-saioa

iLaben talde eragileari proiektua aurkeztu genion. Talde horretan, toki eta foruko administrazio publikoetako ordezkariak daude, besteak beste Vitoria-Gasteizko Udaleko, Bilboko Udaleko, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietakoak. Taldeko partaide dira, era berean, hainbat erakunde sozial eta sare hiritar, hala nola Emaús, Ibatuz, EAPN, Sareen Sarea eta EGK, bai eta berrikuntzan, ikerkuntzan eta partaidetzan diharduten erakundeak ere, esaterako Innobasque, Parte Hartuz, Arantzazulab eta Solasgune.

Indarguneak, aukerak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatzeko AMIA bat egin genuen elkarlanean. Hasierako elkarrizketa ezarri genuen, eta baterako sorkuntzako ondorengo bileran lankidetzan aritzeko gonbidapena luzatu.

Ekaina: Baterako sorkuntzarako saioa

Administrazio publikoekin batera lanean aritu ginen, Berroneratze Ekosozialaren Laborategia hainbat proiektutan txertatzeko gaitasuna ebaluatzeko; horren adibide dira Pormetxeta plazaren (Barakaldo) suspertzea, Uretamendiko irisgarritasuna eta Bilboko berdeguneak. Basque Center for Climate Change (BC3), Osasun Saila (Eusko Jaurlaritza), Inguralde, Barakaldo eta Bilboko Udalak, Agirre Lehendakari Center, Ideas4innovation eta Asmoz Fundazioa izan ziren partaideak, besteak beste.

Urria: Transferentzia-saioa

Transferentzia-produktua martxan zeuden benetako proiektuetara aplikatuta aurkeztu genuen; besteak beste, NBS Uretamendi (Bilbo), Pormetxeta Living Lab (Barakaldo) eta Drop (Ermua). Partaideen artean aipatzekoak dira Ermuko Udala, Inguralde, Basque Centre for Climate Change (BC3), EDE Fundazioa, AAArquitectura, IED Kunsthal, Osasun Saila eta beste erakunde sozial eta kultural batzuk.

Prozesuaren ondoriozko ikaskuntzak

Proiektu hau garatzeko prozesua ixte aldera, ateratako ikaskuntzen garrantzia eta balio eraldatzailea nabarmendu ditu Pezestudiok. Lehenik eta behin, administrazio publikoetako ordezkariekin kontrastatzeko espazioak edukitzea oso garrantzitsua iruditu zaigu, aukera eman baitzigun Berroneratze Ekosozialeko Laborategiei buruz kolektiboki hausnartzeko, proiektu espezifikoetatik aske zegoen testuinguru zabal batetik. Elkarrekintza horiek, era berean, beharrezko elkarrizketak zabaldu zituzten gutxi jorratu izan diren gaiei buruz, besteak beste administrazio baten barruan sailen artean lankidetzan aritzeko zailtasunari eta herritarren erakundeekin batera lan egiteak dakartzan erronkei buruz.

iLaben taldearen eta proiektu esperimental partaideen eskutik jasotako laguntza funtsezkoa izan zen prozesuak arrakasta izan zezan. Elkarlanean arituta eta baterako saioak eginda, hau da, erakunde bakoitzak bere proiektua azaltzeko aukera izanda, askoz aberasgarriagoa izan zen esperientzia, eta, era berean, ideiak trukatzeko, ikaskuntzak bateratzeko eta ikuspegi komun bat eraikitzeko bidea erraztu zen. Ikuspegi kolektibo horrek inplikatutako pertsona eta erakundeen arteko harremanak eta ateratako emaitzak indartzea eragin zuen.

Era berean, prozesuak aukera paregabea eman zigun ikaskuntzak batu, egituratu eta transmititzeko. Prozesu hauei buruz teorizatzeko denbora eta esparru egokia izateak aukera eman zigun ez soilik horiei buruz hausnartzeko, baizik eta baita ere modu erabilgarrian partekatzeko gaiaren gaineko interesa zuten beste eragile batzuen artean nahiz gure taldean bertan. Kolektibo desberdinekin kontrastatuta beharrizan horiek identifikatzeak aukera eman zigun ikuspegia findu eta forma praktiko eta funtzionala emateko, hura errazago aplikatu eta uneoro hobetze aldera.

Ondorioz, prozesua lagungarria izan da erraz eta malgutasunez transferitu daitekeen produktu bat finkatzeko ez ezik, gure ustea indartzeko: baterako lana eta hausnarketa partekatua funtsezkoak dira hiri-eredu jasangarriago, bidezkoago eta inklusiboagoak lortzeko. Ikaskuntza hauek, beraz, lagungarriak zaizkigu hiri biotikoagoak eraikitzen eta gure metodologiak hobetzen jarraitzeko.