Joan edukira
iLab

iLab-eko Proiektu Esperimentalen deialdian hautatutako lau proiektuak

Lau taldek produktu eta ekintzak dituzten transferentzia-proiektuak garatuko dituzte hurrengo hilabeteetan zehar, iLabaren esperimentazio esparruan.

Ellas

2023ko abenduan, iLab-aren Transferentzia Proiektu Esperimentalen Deialdia ireki zen partaidetza arloko berrikuntza sustatzeko. Deialdiak partaidetzaren arloan esperientziak eta ikaskuntzak transferitzeko ekintzak egiteko proiektuei laguntzeko xedea du.

Deialdira aurkeztutako ekimenak iLab-eko talde eragileak egindako aurre-hautapen prozesu batean egon dira. Horrela, talde eragileak zazpi ekimen aurre-hautatu zituen, ondoren iLab komunitateari zuzendutako bozketa irekian hautagai izango zirenak.

Horrela, sare-komunitateak bere ekarpena egin ahal izan du Transferentzia Proiektu Esperimentalak aukeratzeko unean, azken asteetan egindako bozketa irekiaren bidez.

Ondorioz, hurrengo hilabeteetan beren esperientziak transferitzeko produktuak eta ekintzak landuko dituzten lau ekimen bozkatuenak lortu dira.

Ondorengo lau proiektuak aukeratu dira:

  • ELLAS

    Agente sustatzaileak: Punto Gorria Kultur Elkartea, Ainhoa Resano, Saray Pérez Castilla

    ELLAS proiektua parte-hartze proiektu gisa garatzen da, "Contar él album" metodologiaren bidez, emakumeekin topaketak egiten ditu etxean, argazkiak bildu eta testigantzak grabatzeko.

    ELLAS proiektuaren bidez lortutako ezagutza giltzarria eta metodologia azaleratzea proposatzen da, komunitateei memoria kolektiboa gorde, partekatu eta ospatzeko beharrezko tresnak emateko. Horretarako prozesua egituratzen duten praktika eta tresna giltzarriak identifikatzea; proiektuan parte hartzeko interesa duten komunitateen interakzio eta ekarpenerako plataforma digital baten lehen bertsioa sortzea; komunitate interesdunak identifikatzea; eta memoria kolektiboa sortzeko prozesu berriak aktibatzeko topaketa-taldeak sortzea proposatzen da.

  • Wikikrazia

    Agente sustatzaileak: Asoc WIKITOKI Elkarsorkuntzarako Laborategia. Colaboratorio IC, REAS Euskadi, Espacio Plaza Sarean Kultur Elkartea

    Wikikrazia gobernantza-modu bat da, edozein motatako erakundeen autokudeaketarako balio duena. Wikitoki elkarlaneko praktiken laborategiak bultzatutako esperimentu praktikoa da.

    Wikikraziarekin, Soziokrazian oinarritutako Wikitokiren kudeaketa eta erabaki-ereduarekin, bost urtetako esperimentazioan sortutako esperientzia eta metodologiak transferitu nahi dira. Horretarako orain arte sortutako materiala biltzea, transferentziak kontrastatzeko eta identifikatzeko saioak egitea, transferentzia- produktua prestatzea eta sare sozialen eta ekitaldi publiko baten bidez sozializatzea proposatzen da.

  • Hiri Biotikoak

    Agente sustatzaileak: Pez estudio SC

    Gure hirietako espazio publikoa diseinatu eta eraikitzeko moduak eraldatu nahi dituen eta eredu jasangarriago, bidezkoago eta inklusiboagoetarantz eraman nahi dituen sormen ingurune bat da Hiri Biotikoak Lab.

    Espazio eta ekipamendu publikoen ko-sorkuntza prozesuak egin ahal izateko tresnak transferitzea proposatzen da, gai hauek barneratuz, besteak beste: klima-aldaketarekiko egokitze eta arintzea, gizarte kohesioa eta inklusioa eta genero perspektiba sustatzea. Horretarako, transmititu beharreko edukiak definitzea, transferentzia-produktua sortzea eta testuinguru ezberdinetako pertsonen parte-hartzearekin transferentzia ekimen bat antolatzea proposatzen da.
  • Haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna Udalentzat

    Agente sustatzaileak: OINHERRI Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartea

    Oinherrik, beste eragile batzuekin batera, marko teoriko bat sortu du, haurren kulturatik berreskuratutako parte-hartzeak nolakoa izan beharko lukeen zehazteko.

    Tokian tokiko hezkuntza eragileak inplikatuz, bertako baliabideekin, herrietan haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko metodologia bat sortu nahi da. Horretarako, Gipuzkoako lau herritan garatutako esperientzia pilotoetatik ikaspenak eratorriko dira eta topaketa batean aurkeztuko dira.


Proiektu hauek 2024ko martxotik urrira bitartean garatuko dira, eta, horren ondorioz, beste eragile batzuentzako transferentzia-ekintzak eta material erabilgarriak sortuko dira. Hautatutako taldeek iLab-en aholkularitza eta laguntza jasoko dute transferentzia-produktuak garatzeko. Gainera, produktu horiek diseinatu, ekoitzi eta gauzatzeko baliabide ekonomikoak esleituko dira.